BATXILERGO AMAIERAKO OSPAKIZUNA

 

2. Batxilergoko ikasleek amaitu dute Orixen bere ibilbidea. USEko frogan %100ak gainditu dute eta ikasle eta irakasleak guzti hau ospatzeko elkarrekin bazkaltzeko elkartu ziren. Zorionak eta zorte on orain hasiko duzuen ibilbide berri horretan!

ARGAZKIAK IKUSI

ORIXEREN BASOA

Gure DBH 1eko ikasleekin, Komunitateari Zuzendutako Proiektuko (KZP) ikasgaian zuhaitzak landatu ditugu.

Hau, ordea, Ikasturte osoko lana izan da: udazkenean mendira ezkur bila joan ginen; ondoren, eskolan lorontzietan landatu genituen; denbora tarte honetan, hauek ureztatzeko eta zaintzeko ardura ikasleena izan da. Orain, udaberriarekin batera, lorontzietan sortutako zuhaixkak mendian landatzeko garaia iritsi zaigu eta Miserikordian "Orixeren basoa" sortzeko proiektuari bide eman diogu.

Horretarako, Miserikordian auzolanean ibiltzen den Xantiren ezinbesteko laguntza jaso dugu. Berak, beste zenbait jubilaturekin batera, Miserikordian egiten duten lanaren berri eman zigun, auzolanaren garrantzia azpimarratuz.

 

Eskerrik asko Xanti zure ezagutzak gurekin elkarbanatzeagatik eta proiektu hau aurrera eramaten laguntzeagatik. Hurrengo ikasturtean zuhaitz gehiago landatuko ditugu eta poliki-poliki Orixeren basoa elikatuz joango gara!  ARGAZKIAK IKUSI

Cherleville-Mézières hiriko ikasleak Tolosan

Aste honetan, Cherleville-Mézières hiriko ikasleak Tolosan ibili dira elkartrukea dela-eta.

Ikasturte honetan, abenduan bisitatu zuten Cherleville-Mézières hiria gure ikasleek eta udaberriaz gozatzera etorri dira hangoak kurtso amaiera honetan. Jardueraz beteriko astea izan dute: harrera ofiziala udaletxean, ostiralean; Donibane Lohitzune eta Hendaia bisitatu surf ikastaro eta guzti, astelehenean; Bilbora eta bertan Guggenheimera bisita, asteartean, eta egonaldia ondo agurtzeko, herri kirol jardunaldia eta agurtzeko bazkaria, asteazkenean. Asteburua familia giroan pasa dute gure kultura barnetik ezagutzen. Oso gustura egon dira familietan eta, agian, berriz Tolosara etorriko dira etorkizunean. Tolosako udaletxearen ekimenez, 3. aldia da elkartrukea egin dena.   ARGAZKIAK IKUSI

ESTRES LINGUISTIKOAREN inguruan lanketa

 

Gure Batxilergoko 1. mailako ikasle batzuek, beste ikastetxe batzuetakoekin batera eta Tolosako Galtzaundiko Felixen gidaritzapean ESTRES LINGUISTIKOAREN inguruan lanketa egin dute ikasturtean zehar. Horretarako beren ikaskiderekin egin dute ikerketa, hizkuntz soslai askotariko ikasleak elkarrizketatu dituzte eta ondorioak atera.

Ikerketaren berri emateko ekainaren 4an arratsaldeko 18:30ean Tolosako Antxon Bandres Bidaiarein Txokoan hitzaldia eskaini zuten jendaurrean. Bertan ikaskideekin egindako ikerketaren emaitzak azaldu ondoren, mahai inguru aberasgarria entzuteko aukera izan genuen. Bejondeiela!

Adunako araztegira bisita

 

DBH-1 eko ikasleak astelehenean Adunako araztegira joan ziren bisitan. Bertara Tolosa eta inguruko herrietako ur zikinak heldu eta arazten dira. Ondoren, arazturiko ur hau errekara itzultzen da. Arazketa prozesua nola ematen den ikusi eta ikasi zuten ikasleek. ARGAZKIAK IKUSI