Hizkuntza Normalkuntza

  Orixe BHI Ulibarri -Eusko Jaurlaritzaren Euskara Sailak ikastetxeetan euskararen normalizazioa sustatzeko- programaren partaide da, proiektua abian jarri zenetik.

Orixeko Hizkuntza Normalkuntza Plana Ikastetxearen Hezkuntza Programan eta Ikastetxearen Curriculum Proiektuan dago txertatua, baita Ikastetxearen Urteko Planean ere. Hizkuntza Normalkuntza Plana ikasturte hasieran berretsi ohi da, Klaustroan eta Eskola Kontseiluan. Hizkuntza Normalkuntza Planak ikasturteko normalkuntza-jarduera eta egitasmo nagusiak jasotzen ditu (batik bat, ikasleei eta irakasleei zuzendutakoak).

Euskara Batzordea hainbat ikasle, irakasle, zuzendaritza-kide eta HNATen partaidetzaz osatzen da. Euskara Batzordearen esku dago hizkuntza normalkuntzaren egitasmoak aurrera ateratzea: ENE (Euskararen Eguna), Euskararen Mahaia, Korrika, Ataria, lehiaketak, e.a.

Xede eta ardatz nagusiak

• Euskararen erabilera normalizatu ikastetxearen harreman eta lan alor guztietan (esparru formal eta ez-formalean).

• Eskolako kideen (ikasle, irakasle, langile ez-irakasle eta gurasoen) hizkuntza-prestakuntza eta erabilera sustatu.

• Gurasoek eta irakasleek euskararen transmisioan duten garrantziaz jabearazi.

• Ikasleen hiztun aktiboen kontzientzia sendotu (euskaldun zahar zein euskaldun berri).

• Ikasle etorkinen harrera eta hizkuntza-integrazioan lagundu.

• Tolosa eta Tolosaldean euskararekin loturiko ekimenen berri eman eta sortzen diren proiektuetan parte hartu.

  XXI. mendeko euskal hiztunak hizkuntzaren esparru formal eta ez-formalak menderatu beharko ditu. Jon Sarasuaren hitzetan (euskal) hiztunak sortzen lagundu nahi badugu, hobetzeko hiru arlo baditugu behintzat: hiztunaren arrazoibidea, hizkuntzaren potentzia adierazkorra eta kulturaren transmisioa.