Miren Amurizaren hitzaldia

 

Aurreko ostiralean, abenduak 15, Orixe ikastetxeko Batxilergoko bigarren mailako ikasleek hitzaldia izan zuten Tolosako Kultur Etxean Miren Amuriza bertsolari eta idazlearekin. Azken asteetan “Basa” eleberria irakurri dute Euskara ikasgaian, eta bertan Sabina izeneko emakume gogor baten bizitzaz, baserrian daraman bizimoduaz eta ohoreari lotutako zenbait barne arazoz hitz egiten du. Bestalde, familia arteko erlazioak eta zaintza bezalako gaiak ere azaltzen dira.

Hitzaldian liburuaren jatorriaz, adinako emakumeen estereotipoaz eta bizitzako bizipenak sakonki ulertzen saiatzearen garrantziaz mintzatu zen idazlea, eta hausnarketarako zenbait gai proposatu zizkien ikasleei.

Irakurleek liburuaren inguruko galderak egiteko aukera ere izan zuten, liburuaren ulerpen sakonago bat jaso zezaten eta Miren Amurizak ezkutuan utziriko ezaugarriez jabe zitezen. Eta hitzaldiaren amaieran idazleak liburuak sinatu zizkien ikasleei, ekitaldiaren oroigarri polit bat izan zezaten esku artean.

Beraz, Miren Amurizari eskerrak ematea baino ez da geratzen, Basa eleberria idazteagatik eta ikasleei hain hitzaldi interesgarri eta aldi berean baliotsua emateagatik.