Egin nirekin ere euskaraz!
'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpaina abiarazi du UEMAk, euskaldun arrazalizatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko deia eginez.
- Sustraiak beste herrialdeetan izan arren gurean errotu diren hainbat euskaldunen eskaria da kanpaina, hasiera batean gainerako herritarrek euskara ukatzen dietela sumatuta.
- Euskarak kolore asko dituela eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek guztiak euskaldunak direla gogoratu nahi du kanpainak.
Euskaldunak dira Arlenys, Haider, Aimar, Aya, Nora, Sefora, Miruna, Randy, Ekhi, Manna, Anastasia, Andriy, Zunnurain, Lassana, Abdallah, Alaia, Rayan eta Leen, UEMAk gaur Ibarran aurkeztu duen Egin nirekin ere euskaraz! kanpainari aurpegia jarri dioten lagunak.
Urdua, arabiera, mandinga, kitxua, ukrainera, gaztelera edota euskara jaso dute etxean. Euskara, zehazki, lehen hizkuntza da batzuentzat, bigarrena besteentzat, eta baita hirugarrena ere zenbaitentzat.
Hala ere, euskaraz aritzen dira eskolan eta lagunartean. Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Eta ez zaie gustatzen. Euskaldunak direlako. Kanpainako bideoetan adierazi duten moduan, "badakigulako euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen diguten bakoitzean zubia ere ukatzen zaigulako".