MIREN GORROTXATEGI IDAZLEA INSTITUTUAN

Ebaluazioa amaitzearekin batera, arnasalditxo bat beti dator ondo, eta are gehiago horrelako aukera paregabe batekin. Denbora gutxian Madagaskargo irla batetik Euskal Herriko jende askoren ahotan ibiltzera igaro zen pertsona batek bisitatu gintuen: Miren Gorrotxategik.

Lehenik, azpeitiar idazleak bere bizitzari buruz hitz egin zigun. Ume bat zelarik, Azpeitiko Karmelo Etxegarai ikastolan ikasten zuen eta bertan, ikasle askoren harridurarako, Urruzuno Literatur Lehiaketa irabazi zuen Herio izeneko olerki batekin.

Ondoren, itzulpengintzan lizentziatu zen Bartzelonan. Titulu hori baliatuz itzulpengintza enpresa batean sartu zen, non literaturako klasiko handiak itzultzeko itxaropena zuen, baina azkenean, bere etsipenerako dokumentuak bakarrik itzultzen amaitu zuen.

Esperientzia horren ondoren, literaturatik dezente urrundu zen eta EPIC Racing (Epsilon) eskuderian hasi zen lanean. Hala ere, enpresak porrot egin zuen eta, lehen aipatu bezala, Madagaskarrera joan zen.

Bertan, urpekari lanetan ibili zen bi urtez. 2 urte horietan berriro idazten hasi zen eta, 2015ean, Ondarroatik dei bat jaso zuen, aurkeztu zuen proiektuak Zubikarai beka irabazi baitzuen. Urte bat geroago, bere lana argitaratu zuten: 33 Ezkil, bere gelako horman paper zatiak aurrera eta atzera mugituz idatzi zuen istorioa. Hainbeste itzuliren ostean, Miren literatur mundura itzuli zen.

Hala ere, berri onak ez ziren hor amaitu, izan ere, bere liburuan oinarritutako film bat egin nahi zutela esan zioten. Horrela, 2020ko Donostiako Zinemaldian estreinatu zen Hil Kanpaiak filma. Hark adierazi zigun moduan, aktoreren bat edo beste ez zen berak liburua idazterakoan irudikatu zuen bezalakoa, baina, aldi berean, Euskal Herriko aktore ezagunenetako batzuk filmean ateratzeak poztu zuen.

Azkenik, idaztera bultzatu gintuen entzuleok. Eta ziur nago, horrelako istorio bat entzunda, baten bati piztu zitzaola noizbait itzali zitzaion idazle grina. Edo, are gehiago, lehen aldiz piztu zitzaiola grina.